Eskolako Agenda 21

 

Gertatzen ari denaz konturatzen al gara?

Gure gaurko bizimodua planetan arrasto izugarri bat uzten ari da, maiz gure etxeetatik eta hirietatik oso urrun...

Zer egin dezakegu?

Horixe bera galdetu zieten euren buruei munduko herrialdeetako buruzagiek ingurumenari buruzko gailur ezberdinetan. Eta atera zuten ondorioa honako hau izan zen: ingurumenaren degradazioa geldiarazteko ezinbestekoa da garapen eredu berri bat aplikatzea; eredu horrek planetako biztanle guztien ongizatea bermatu behar du geroko belaunaldien etorkizuna arriskuan jarri gabe.


AGENDA 21

1992an, 175 herrialde Rio de Janeiron bildu ziren eta “Agenda 21” delakoa sinatu zuten. Agenda 21 garapen jasangarria errealitate bihurtzeko xedea duen ekintza plan bat da. Agenda 21 Johannesburgeko bigarren gailurrean berretsi zen.

Ekintza plan hori aplikatu behar dute gobernuek, erakundeek, enpresek, bai eta pertsona bakoitzak ere bere jarduketa eremuan.

Garrantzitsuena zera da: “mundu mailan pentsatzea eta tokian tokiko mailan jardutea”.

2002ko ekainean, Eusko Jaurlaritzak konpromiso ugari hartu zituen Garapen Jasangarrirako Euskal Ingurumen Estrategiaren eremuan.
Baina, zer da garapen jasangarria?

Giza jarduerak ingurumenaren eraldaketa etengabea eragiten du eta, askotan, baita bere degradazioa ere. Horregatik, oreka aurkitu behar da gaurko gizakien interesak ase eta, aldi berean, ingurumena geroko belaunaldientzat kontserbatu ahal izateko”.

Horretarako, beharrezkoa da pertsona guztiak trebatzea eta erantzule egitea, bai eta jasangarritasun handiagoa lortzearren gure portaera aldatzea ere.


TOKIKO AGENDA 21

1994an sortu zen Tokiko Agenda 21 aurreko Agenda 21aren ereduari jarraituz.

Tokiko Agenda 21 herri edota hiri bakoitzak hartzen duen lanerako plan bat da. Plan horri jarraituz, tokian tokiko eremutik lan egiten da munduko ingurumen arazoak konpontzeko xedearekin.

Udalerri bakoitzak bere jarduketa eremu guztietan garapen jasangarriaren helburuekin bat datozen planteamenduak ezartzeko konpromisoa hartzen du, bai eta herritarren partaidetza sustatzeko konpromisoa ere.

Tokiko Agenda 21ek ondorengo elementuak barne hartzen ditu:

  •     ingurumenarekiko begirunea
  •     gizartearen ekitatea eta zuzentasuna
  •     eta garapen ekonomiko orekatua.


Tokiko Agenda 21aren lehen fasea sentsibilizazioan, egoeraren azterketan eta ekintza plan baten garapenean oinarritzen da. Gainera, ekintzen eraginkortasuna aldianaldian baloratzeko erabiliko diren adierazleak aukeratzen dira: baliabide kontsumoa, hondakin sorrera eta kudeaketa, garraioa, pobrezia eta gizarte bazterketa, langabezia, etab.

Euskadin gero eta udalerri gehiagok parte hartzen dute Tokiko Agenda 21ean.

Udalerri horiek Udaltalde 21 eta Udalsarea 21 bezalako estrukturetan elkartzen dira euren esperientziak trukatzeko.


ESKOLAKO AGENDA 21

Halaber, beharrezkoa da Agenda 21ean ikastetxeek ere parte hartzea.

Eskolako Agenda 21 hezkuntza komunitatearen konpromiso eta ekintza plan bat da, ikastetxearen eta horren inguruaren jasangarritasuna mantentzeko xedea duena.

Helburua zera da: ikasleak heztea garapen jasangarria bultza dezaten, eta kontsumo arduratsua eta partaidetza sustatzea. Horretarako, ikastetxeak berak balio horien arabera jokatu behar du, ikastetxean ere ura eta energia kontsumitzen, hondakinak sortzen eta joanetorriak eragiten baitira.

Eskolako Agenda 21ek ikasleei euren inguruko ingurumen arazoak aztertzeko eta ulertzeko aukera ematen die. Halaber, guztiontzako bizikalitatearen eta ingurumenaren kalitatearen arteko oreka mantentzeko xedearekin banakako eta taldeko ahaleginak egiteko gaitzen ditu ikasleak.

Eskolako Agenda 21ek hiru osagai ditu:

  •     eskolako inguruaren kudeaketa jasangarria,
  •     curriculumaren berrikuntza
  •     eta komunitatearen partaidetza.


ESKOLAKO AGENDA 21AREN PROZESUA

Eskolako Agenda 21ean parte hartzeko ikastetxe bakoitzak jarraitzen duen prozesua ondorengoa da:

Udalak, Tokiko Agenda 21aren eremuan, bere udalerriko ikastetxeak Eskolako Agenda 21ean berezko proiektu batekin parte hartzera gonbidatzen ditu.

Eskola komunitateek, klaustroen eta eskola kontseiluen bitartez, deialdia baloratzen dute eta parte hartzea onartzen dute.

Ikastetxeetan Ingurumen Batzordeak eratzen dira. Batzorde horiek ikastetxearen eta horren inguruaren egoeraren lehen azterketa bat egiten dute. Azterketaren emaitzen arabera, foroan aurkezteko lehentasuna duten lan gaiak zehazten dira.

Ikastetxe bakoitzeko ordezkariak biltzen dira eta, proposamen guztiak entzun eta gero, erabakitzen dute zein lehentasunezko alderditan jarriko duten arreta ikastetxe guztiek ikasturte horretan zehar.

Ikastetxe bakoitzeko batzordeak abiapuntuko egoera adostutako gaiari dagokionez aztertzeko plan bat diseinatzen du, dagozkion adierazleak aukeratzen ditu eta ekintza lerroak proposatzen ditu.

Aztertutako arazoari erantzuna ematen dioten kudeaketa neurriak, curriculumeko ekintzak eta komunitatean parte hartzeko ekintzak antolatzen dira.

Zehaztutako neurriak aplikatzen eta baloratzen dira, eta hobekuntzak eta hautabideak proposatzen dira.

Emaitzak jasotzen dira eta hobetzeko proposamenak garatzen dira; Udalak proposamen horiek aplikatzeko konpromisoa hartu nahi du. Proposamen horiek eskolen arteko partaidetza foroan aurkezten dira. Bertan, proposamenen bideragarritasuna udaleko teknikariekin egiaztatzen da.

Eskolako Agenda 21 esperientzia berritzailea izan da metodoei, edukiei, baliabideei, harremanei, eta abarrei dagokienez. Horietako batzuk gure Ikastetxearen Ikasketa Proiektuaren barnean mantentzea merezi du.

Zuk bezala, gero eta pertsona gehiagok pentsatzen dute euren partaidetza garrantzitsua dela eta zerbait egiteko prest daude.

Gaurko konpromisoa etorkizuneko konpromisoaren bermea da.