Bizikidetza sendoa bideratzeko arauak
Jarrera eta jokabidea.
Errespetua zor diegu gure ikaskide, irakasle eta institutuko gainontzeko langileei; halaber gizarte osoari.
  • Gure arteko harremanak gizalegean eta jokabide jatorrean oinarritzen dira: oihukatu gabe hitz egingo dugu, kidearen beharrei arreta jarriko diegu, hitz egiteari adina garrantzia emango diogu entzuteari, eskatu behar dugunean mesedez eskatuko dugu, jasotzen dugunean edo ematen digutenean eskertuko dugu.
  • Biziki saihestuko ditugu: eraso fisikoa, kidea baztertzea, gezur-asmakeriak, laidoa; sinesmen, pentsaera, sexu edo izaeraren aitzakiapean egindako iraina.
Lana
Nahitaezkoa da Institutu honetan ondo egindako lana. Hau hala ahalbideratzeko ezinbestekoa da norberaren jarrera egokia nahiz gela barruan, nahiz pasilloetan.
  • Gelako lan giroa bereziki zainduko dugu eta horretarako arreta berezia eskainiko diegu lan tresnei eta jarrerari: gai bakoitzari doakion tresneria prest, aurretik egin beharrekoak eginak izango ditugu eta gu geu berriz: gorputza eta burua erne, arreta entzutean eta adimena hitz egitean.
  • Eskola saioak aprobetxatzea edonoren eskubidea da; beraz, inork ez du eskubiderik eskola saiorik eten edo nahasteko. Eskola saioetan leku batetik bestera goazenean, kideak lanean ari direnez, isiltasun osoz mugituko gara.
Ingurunea
Institutu txukun eta garbiak atseginagoa egiten du bertako egonaldia. Asko garenez, garbitasunari eta ordenari arreta berezia eskainiko diegu.
  • Lurrean topatzen dugun zabor edo hondakinarekin zuzen jokatuko dugu: ez ikusia egin beharrean makurtu eta dagokion ontzian utziko dugu, hau da, zakarrontziak erabiliko ditugu.
  • Komunak era egokian eta beharrezkoak direnean bakarrik erabiliko ditugu. Giza hondakinak jasotzen dituztenez arreta berezia eskainiko diegu eskuila, papera, harraska eta gainontzeko elementuei.
  • Eguneko azken saioa amaitutakoan, garbitzaileei, bere lana errazteko moduan utziko diegu gela; hau da, ikasle bakoitzak bere aulkia mahai gainean jarriko du.
Ikasleek Ikastetxeko instalazioak eta material didaktikoa zaintzeko eta egoki erabiltzeko bete beharra dute. Ez dute inola ere ikastetxeko ekipamendua baimenik gabe erabiliko ezarritakoak ez diren helburuetarako, ezta dagokion ordutegitik kanpo ere.
  • Zerbait puskatu edo hondatzen bada, lehenbailehen gertaeraren berri emango dugu.
  • Haustura edo antzekoa erabilpen desegokiaren ondorioa bada, geure patrikatik ordainduko dugu.
Hezkuntza-komunitateko gainerako kideen gauzak errespetatu behar ditugu; ez ditugu besteen gauzak hondatuko eta are gutxiago lapurtuko.
  • Gure erantzunkizuna da ikastetxeko kideen gauzetan, eragindako kalteak konpontzea edo ordaintzea.
Joan etorriak
Momentu oro egon behar den lekuan eta unean egongo gara.
  • Puntualak izatea guztion eginkizuna da.
    • Noizbait berandu iristen bagara:
      • atea joko dugu eta sartzerik dagoen galdetuko dugu.
      • irakasleari, begirunez, atzerapenaren arrazoia eman eta saioa ahalik eta gutxien oztopatuz, taldean sartuko gara.
    • Atzerapena irakaslearena bada, gela barruan itxarongo dugu solas lasai batean, eta gela arduraduna zaintzako irakasle baten bila joango da.
  • Irakasleak ikasle bat kanporatzea erabakitzen badu, zaintza gelara abiatuko da zeregin bat eskuetan duela. Hau inolako eztabaidarik gabe egingo da, zergatiak, arrazoiak edo tira-birak eta abar beste baterako utziko dira beti. Ikasleak zerbait adierazi nahi badu, edo gertaera argitu nahi badu, zaintza gelan horretarako dagoen orria bete dezake.
  • Gai eta talde nahasketak direla eta, gerta daiteke norberarena ez den gela edo mahaian egon behar izatea, hala denean, eta nahiz eta beharra izan, ez da kidearen ezer ukituko.
  • Atsedenalditik kanpo pasilloak pasa lekuak besterik ez dira, beraz, ez gara geldituko eta egon behar dugun gunera bizkor joango gara.
  • Gela aldaketarik ez dagoenean ez da gelatik irten behar, eta beharra izanez gero, baimena jaso ondoren bakarrik, irtengo gara.
  • Lanean hasterakoan, zerbaitengatik behar duguna eskura ez badugu, ez gara abiatuko bat-batean eta besterik pentsatu gabe, behar dugunaren bila, are gutxiago gelatik irten eta beste talde baten lana eteten badugu.
Hutsegiteak
Salbuespen bereziak izan ezik, eskola egunetan Institutuan egon behar dugu.
  • Eskola saio bakoitzean irakasleak jakingo du zein ikasle ez den etorri.
  • Baimenik gabe ezin da inola ere Institututik irten, ateratzeko egiaztagiri idatzia ekarri behar da. Ikasleak saio bakarrean huts egiten badu ere, idatzizko justifikazioa ekarri behar du.
  • Azterketa edo kontroletara etortzerik ez badago, ezinbestekoa da dei egitea eguneko lehen orduan.
Institututik at
Institutuak antolatzen dituen eguneko kanpo ekintzetara joatea nahitaezkoa da.
  • Eskola saioetako hutsegiteen parekoak direnez, justifikazio eta erantzukizun berbera eskatzen dute. Egun bat baino gehiagoko irtenaldiak ez dira derrigorrezkoak. Ez joateak ez du justifikaziorik behar, baina abisua ematea derrigorrezkoa da.
Gure arteko harremanak gizalegean eta jokabide jatorrean oinarritzen badira, zeresanik ez kanpoko ekintzetara goazenean. Eskaintzen digutena geure on beharrez igortzen digutenez, errespetuz jasoko dugu eta desadostasunik balego pertsona hezien legez jokatuko genuke. Irteerak askotan balio berezia duten lekuetara egiten dira, horregatik, bertan dagoena modu txukun eta egokian zainduko dugu.
Atsedenaldiak
Goiz erdiko atsedenaldiak, etenaldia eskaintzen digunez, solas eta jolaserako erabiliko dugu.
  • Indartsu eta sasoitsu izan arren ez dugu geure burua eta besteena arriskuan jarriko jolas desegokiekin.
  • Atsedenaldia kanpoan, kalean, gozatuko dugu.
    • DBH eraikuntzako 1.pisuan dauden komunak erabiliko dira.
    • Euria egiten badu, DBH eraikuntzako 1.pisuan dagoen pasilloan egon daiteke.
  • Beheko atetik eraikuntza pareraino doan malda, errepide eta pasabide denez, ez da erabiliko atseden edo egonleku moduan.
Beste zenbait
Institutu honek, elkarbizitzarako eta ikasteko gunea denez, ezin ditu onartu zenbait ohitura eta joera:
  • Agenda lan tresna eta gurasoekin komunikatzeko bidea da, ez dugu inoiz gure gauza pertsonalak idazteko erabiliko.
  • Ezin da esparru osoan erre edo legez kanpo dagoena hartu.
  • Botikaren bat hartu behar baldin bada edo une konkretu batean irakasleak ikasle baten egoera bereziaz arduratu behar badu, gurasoek idatzi baten bidez adieraziko diote ikastetxeari jarraitu beharreko protokoloa.
    • Institutuan botikarik ezin da eman, beraz ez da eskatuko.
  • Lan saioetan, institutuan bertan edo irteeretan (antzerkiak, museoak, hitzaldiak...), ez da inolako litxarkeriarik (txikleak barne) edo antzekorik hartuko edo kontsumituko.
  • Norberak bere erabilpenerako dituen tresna elektronikoak, MP3, mugikorrak, PSP, play-jolasak eta antzekoak, debekatuta daude.
    • Telefonoz dei egitea behar-beharrezkoa bada, idazkaritzan dagoen telefonoa erabil daiteke.
  • Patinete eta skaten erabilera debekatuta dago eskola esparruan. Hauek jaso edo gorde egin beharko dira iritsi bezain laster.
  • Txirrindak eta motoak horretarako prestaturik dauden tokietan aparkatu beharko dira.
    • Nahiko tokirik ez balego, txirrindek lehentasuna izango dute eta motoak Institututik kanpo aparkatu beharko dira. Hauek ez dira, inolaz ere, kotxeen aparkalekuetan utziko.
    • Abiadura egokia errespetatuko da eta besteak arriskutan jartzen duen maniobrarik ez dugu egingo.
  • Kanpoko ikasleak ezin izango dira ikastetxean sartu baimenik gabe.