IES Talaia BHI Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publiko bakarra da Hondarribian.

Batxilergo Institutua 1976-77 ikasturtean sortu zen eta lehenengo unetik funtsezko zeregina bete zuen Hondarribiko gazteen heziketa prozesuan. Harrezkero, asko dira Unibertsitatera abiatutako ikasleak, ikastetxeak batxilergoko irakaskuntzan jorratutako bidearen adierazgarri.

1996. urtean HSAOLk araututako lege esparru berriak hezkuntza sistemaren berrikuntza ekarri zuen, eta, horrekin batera, gure ikastetxeko fisonomia moldatu beharra.

Institutuan DBHko etapari hasiera eman behar zitzaion. Horrek garai hartan Hondarribian zeuden ikastetxe publikoen konbergentzia eskatzen zuen, hots, Biteri Herri Eskolak, Hondarribiko Ikastolak eta Hondarribiko Institutuak bat egitea. 

DBHren ezarpena baldintza hoberenetan ahalbideratzeko, ikastetxeen elkartze prozesua proiektu zabalago batean planteatu zen, eskola publikoaren eredu barnean eta helburu nagusi honekintxe: 0-19 urte bitarteko hezkuntza eskaintza bateratu eta sendotzea.

Prozesu honetatik sortu ziren Talaia Eskola eta Talaia Institutua. Gaur egun 2 zentro dira administrazioaren ikuspegitik, baina lotuta daude funtsezko alderdietan, eskaintzen duten hezkuntza ibilbide komunaren koherentzia bermatzeko eta ikasketa proiektuen bateragarritasuna ziurtatzeko.

Horren guztiaren ondorioz, hezkuntza sistema berriaren ezarpenak eragindako berregituraketak agerian utzi zuen dokumentu batzuen beharra, ardatz gisa hartu eta gure eskolako jarduera beren inguruan antolatzeko. 

Horien artean nagusi Ikastetxeko Hezkuntza Proiektua dugu, bera baita zentro baten plangintzaren lehenengo urrats teorikoa eta gainerako dokumentuetarako erreferentzia.